Lekukotasunak XIV (Gontzal Fontecilla)

Duela egun batzuk, 11 Egun Euskaraz-eko lagunek boluntarioak eskatu zituzten azken egunotako lekukotasunak idazteko. Abenduaren 4rako idazteko aukera zegoela ikusita, gehiegi pentsatu gabe eskaini nuen neure burua horretarako. Lan erraza izango zela pentsatu nuen hasieran, eta ideia-jasa txiki bat ere bururatu zitzaidan: Euskararen Egunaren kronika laburra idaztea, eskerrak ematea, ohiko zorion-mezuak… «Ez da zaila izango lerro batzuk idaztea; ez horixe!», esaten nion behin eta berriz neure buruari. Testuari amaiera emateko esaldi biribil bat ere erabaki nuen (batere originala izan ez arren): «Baietz beste 11 egun euskaraz bizi!», edo antzeko zerbait.

Egunek aurrera egin ahala, ordea, bertan behera gelditu da nire asmoa. Izan ere, ekimenaren azken kartelak «Zergatik ez beste 11?» dio, eta, horrenbestez, nire esaldi biribilak ez du zentzurik. Horrez gain, ezusteko galanta hartu nuen atzo: pentsatuta nituen ideia gehienak abenduaren 3ko kronikan zeuden! «Zeri buruz idatziko dut orain?», pentsatu nuen, artega, atzo iluntzean.

Eta hementxe nago, bada, ordenagailuko pantailaren aurrean, zeren berri eman behar dudan ondo ez dakidala. Azkenean, egun hauetan bizi izan ditudanak kontatzea erabaki dut (ez zenuten espero, ezta?).

Hasteko, aitorpen txiki bat egin behar dizuet: hainbat egunetan etxean ahaztuta utzi dut txapa. Gau-mahaian uzten nuen beti, ez bainuen ahaztu nahi. Baina, badakizue, goizetan beti presaka… Hala ere, alde onik ere izan du horrek: kalean beste norbaiti txapa aldean ikusita konturatzen nintzen nirea etxean zegoela… «Hau lotsa!», pentsatzen nuen horrelakoetan, baina sekulako poza ere hartzen nuen aldi berean, ekimenean uste baino jende gehiago parte hartzen ari zela ikusita.

Beste askotan, pozarren eraman dut txapa aldean, lagunekin egon naizenean («Zer da hori?», galdetzen zidaten jakin-minez) edota gure ekintzetan parte hartu dudanean. Gogoan dut, bereziki, osteguneko topaketa: beste hiztun batzuekin iritziak eta ikuspuntuak trukatzeko aukera paregabea izan zen.

Bestalde, Deustukoak ez diren lagun batzuei esker, hainbat gauza jakin ditut: Igorreko merkatariek antzeko ekimen bat antolatu dutela (txapak jarri dituzte soinean), Derioko euskara-elkarteak ere egitasmo bat bultzatu duela herriko dendetan…

Badirudi, beraz, jende asko ari dela datorren urteko Euskaraldirako motorrak berotzen, eta egitasmoak harrera ona izan duela. Pozten naiz; ziur nago aberasgarria izango dela guztiontzat.

Bien bitartean, dinamika honi jarraipena emateko bi hitzordu izango ditugu laster Deustun: Inauteriak eta jaiak. Txapa jarrita eramateko eta egun hauetako ildoari eusteko hitzorduak izango dira. Hori dela eta, gau-mahaian utzi dut txapa, badaezpada ere.

Oharra: Arrigorriagako kiroldegian Euskaraldiaren txapak banatzen dituzte, eta handi-handiak dira, inon ez ahazteko modukoak…

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Erantzun bat “Lekukotasunak XIV (Gontzal Fontecilla)” sarreran

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*