Lekukotzak XIII (Peio García)

Frantsisko Xabierkoa, Frantsisko Jatsu Azpilikueta izen-abizenez, 1552ko abenduaren 3an hil omen zen Shangchuan uhartean, gaur egungo Txinan, Indiako Goa estatuan hobiratuta badago ere. Kondairaren arabera, nafar misiolari jesuitak hil aurreko azken hitzak, otoizteren bat ziur aski, euskaraz, bere ama-hizkuntzaz, esan zituen. Gertakari horren omenez, 1949an Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3a euskararen eguna izendatu zuen. Geroago, 1995an Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak bat egin zuten eta Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zen.

Ikusten duzuenez, denak badu bere istorioa, baita euskararen eguna atzo ospatu izanak ere. Gauzak zergatik diren edo gertatzen diren jakitea gustoko dut. Peio naiz. Deustuarra naiz, Tomas Zumalakarregi Jenerala dut obsesiorik bitxiena eta xibereraz mintzatzea maniarik handiena. Baina idazki hau ez da niri buruzkoa.

Atzo, Euskararen Nazioarteko Eguna profitatuz, “gure” 11 Egun Euskaraz (11EE) ekimenari agur esan genion Deustualdean. Egia esan, hamaika egun horiek datorren urtean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldiaren aperitifa baino ez dira izan. Euskaraldia iniziatiba 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz antolatuko da eta hitz egiten edo ulertzen dugun guztion aktibazioa eta hizkuntza ohiturak aldatzea ditu xede. Hala ere, tomateroak ausart samarrak omen gara eta erronka horri ekin diogu, 2018an ez ezik, baita 2017an ere.

Esan dezakegu hau guztia orain dela hamabi egun, azaroaren 22an, hasi zela, argazki erraldoia egin genuenean, baina ez, inondik inora ere, aste aunitz auzolanean egon den lagun askoren lanaren emaitza borobila delako. Beraz, lehenengo eta behin, 11EE antolakuntza taldeari eta laguntzaile taldeari nire zorionik beroena helarazi nahi diot. Proiektu guztiek bezala, honek ere bere argilunak izan dituen arren, argia ilunari gailendu zaio, eta asko ikasi egin dugu etorkizunari begira. Berriro ere, Zorionak eta mila esker! Bigarrenik, erronka hau gainditu egin badugu, Deustualdeko herriari esker izan da. Oraindik ere gogoan dut hastapenean gure aurreikuspenik baikorrenen arabera bizpahiru ehun parte-hartzaile izango ginela. Oker genbiltzan. Azkenean, mila lagunek baino gehiagok parte hartu dugu ekimenean. Deustualdeko herritarrok euskaraz bizi nahi dugula argi erakutsi dugu. Hortaz, Zorionak guri ere bai! Azkenik, baina ez garrantzi gutxiena duena, ekintza honen atzean dagoen Berbaizu Euskara Elkarteari ere eskerrak eman nahiko nizkioke. Jarrai ezazue egiten duzuen lan bikaina egiten! Helburua zaila da, baina ematen dituen fruituak eder eta gozoak dira!

Amaitzeko, nire lekukotasuna laburki azalduko dizuet. Hamaika egun hauetan zehar txapa eramaten zuen jendearekin izan ditudan solasaldi eta konplizitatearekin biziki gozatu dut. Arrazoi funtzionalak medio, pertona batzuekin ezin izan dut Ahobizi rola jokatu, baina egunean nire, beraz gure, denbora gehiena euskaraz mintzatu naitekeela/gaitezkeela barneratu dut. Halaber, atzo 11EEko ekimenaren amaiera eta Euskararen Nazioarteko Eguna zirela eta, prestatu zituzten hainbat ekintzek eta herri bazkariak borobildu zituzten hamaika egun zoragarri hauek. Esaldi bakarra bururatzen zait dena laburtzeko: “Bikain” eta eskerrik asko, bihotzez.

Hamabigarren egun honetan, hautu pertsonala egin dut. Badakit 11EE ekimenari jarraipena emango zaiola Inauterietan, Deustuko jaietan…, baina ni ez naiz zain egongo eta gaur ere txapa jantzi egin dut eta bihar ere egingo dut. Deustualdean hamaika egunez euskaraz bizi izan gara, zergatik ez hamaika beste?

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Erantzun bat “Lekukotzak XIII (Peio García)” sarreran

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*