Lekukotasunak XII (Jaione Ayestaran)

Zenbat begirada konplize. Irribarre. Galdera. “Barkatu, zer esan nahi du txapa horrek?”. Eta harrotasun puntu batekin azaldu. Erraz ahaldundu naiz txapa soinean nuela. Keinu txikiak. Sorpresa. Aste honetan jakin dut  nire harakinak ondo baino hobeto ulertzen duela euskaraz. Eta nire auzokideak prest daudela “gabon!” batekin agurtzeko. Bultzada txiki bat behar zuen honek denak. Eta txapa izan da egunotako bultzada.

 

Asteazkena zen. Erronkaren zazpigarren eguna eta etxeratzean, ez zegoen txaparik nire jakan. Sansonek ilea galdu zuenean bezala, indar guztia galdu nuen nik ere. Nire hitzek txaparen beharra balute bezala, zentzurik hartzeko. Erdaldunari euskaraz egiten diodan bakoitzean, “eh!, Ahobizi naizela” aitzakiaren atzean ezkutatuko banintz bezala. Baina beste zerbait ulertu nuen orduan. Aitzakiarik ez dela behar. Belarriak prest dituzte askok. Ahoak, bizi. Seinale, marka edo bereizgarrik gabe ere.

 

Orain badakit bihar, “egunon!” batekin agurtuko dudala  autobus gidaria. Odoloste bat eskatuko dudala, “morcilla” eskatu baino lehen. Eta atzerritarra den auzokideari “gabon” pasatzeko opako diodala.

 

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*