Lekukotasunak XI (Karlos Gonzalez)

Abenduaren 1eko kronika kontatzeko eskatu zidaten eta hori egiteaz gain, beste kontu batzuk ere aipatu nahi nituzke labur.

Abenduaren lehena, tamalez, Basurtuko ospitalean hasi zen. Harrerakoekin eta erizainekin euskaraz egiteko aukera izan nuen normaltasun osoz. Hortik, lanera, Ortuellara, bertako udaleko euskara teknikaria naiz eta.

Eta, zer esanik ez, kontua ekitea denez, 11 egun hauetan ez naiz Deustualdean euskaraz bizitzera mugatu. Izan ere, azaroaren 27tik aurrera lan egiten dudan kiskaltze labea izeneko udal eraikinean ere “mudantza linguistikoa” izeneko esperimentua abian jarri dugu, ahobizi eta belarriprest txapak banatuta, abenduaren 15era arte luzatuko dena.

Hau albo batera lagata, egun hau Deustuko ondoko  3 ahobizi gazte hauekin eman nuen: Katalin, Maite eta Malen. Zuetako askok jakingo duzuenez, kanpoan den Olatzekin batera Deustuko Baffetti musika taldea osatzen dute. Eguerdi aldean eurekin lotu Ortuellako tren geltoki  batean, euren kontzertuaz gozatu Gorbeia aretoan, eurekin eta Trapagarango Ziortzagaz (beste gazte jator bat) bazkaldu, eurekin Deustura itzuli…Atseden hartutakoan eta arratsaldeko beste ekitaldi batean dobletea egin behar zutenez, ostera ere eurekin lotu Deustu txurian, txingorrak zuritutakoa, Ortuellara atzera ere, ekitaldia bukatutakoan Ortuellako gazte lokalera gerturatu ginen luntxaren soberakinak eramatearren baina itxita zegoenez, Deustura bueltatu ginen eta DHTean onik laga nituen eurekin egun-pasa ederra egindakoan.

Dena den, 11 egun euskarazeko ekimena askozaz ere bidaia luzeagoa izan da, hiru hilabete eskaskoa orain arte, zoragarri eta biziki aberasgarri suertatu zaidana. Oso baliabide gutxirekin eta jende askoren borondate irmo eta gogo biziari esker, tamaina handia hartu duen ekimena martxan jartzea lortu dugu. Izan ere, 1000 lagunetik gorak hartu du parte, hasierako helburu kuantitatiboa 250-300 lagunek esku hartzea bazen ere.

Nire ustez, arrakasta kuantitatibo honen gakoak ondoko hauek izan dira: propio eratutako lan-taldearen eta laguntzaileen sarearen lan bikaina, Berbaizuk egindako sukaldatze lana eta aurrelanak, euskararen unibertsoa osatzen duten ikastetxeen inplikazioa eta, inolako duda barik, euskaldun askoren nahia (jende asko honelako ekimen baten zain egon delako sentsazioa dut, azken urteotako ohiko diskurtso ezkorretik aldendu nahian edo).

Maila pertsonalean ekimenak aukera eman dit lehendik ezagutzen ez nituen hainbat euskaltzale ezagutzeko eta neure sarea zabaltzeko. Hainbat izen aipatu nahi nituzke hemen baina zerrendak luzeegi joko luke.

Azkenik, talde eragilean argi dugu istorio hau  ez dela domeka honetan bukatuko. Dagoeneko badaude mahai gainean inauterietan eta auzoetako jaietan eragiteko proposamenak eta datorren urteko euskaraldia hobeto antolatzeko gogoa, baliabide gehiagorekin eta oraingo esperimentu honetan izandako akatsetatik ikasita. Ea denon laguntzaz ebaluazioan asmatzen dugun. Bukatzeko, denoi balorazio inkesta betetzea dagokigula gogorarazi nahi dizuet.

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*