Lekukotzak X (Maddi Argote)

Nire 11 egun euskaraz hauetan esperientzia txar zein on ugari izan ditut. Espero ez nituen jarrera asko jasan ditut; deseroso sentiarazi nauten begiradetatik, andre zahar baten irribarre batera pasatu naiz.

Hasieran gogotsu eta indarrekin hasi nintzen euskaraz hitz egiten, suertatzen zen edozein egoeratan probatzeko nahia nuen eta halaxe izan zen. Egun horietan suertatu ziren egoerek harritu ninduten, eta askotan harridura horiek onak izan ziren. Kanpotar batzuekin euskaraz hitz egiten hastea eta eurek ez gelditzeko esan zidaten, eta nahikoa ez balitz, haiek beraiek euskara ulertzen eta praktikatzen saiatu ziren.

Egunak aurrera zihoazen heinean, beste esparru batzuetan probatzeko aukera izan nuen, hurbilago nituen esparruetan, hain zuzen ere. Euren erantzuna zelakoa izango zen bilatzera joan nintzen eta, segituan, arazoa zein izan zen identifikatu nuen. Nahiz eta esfortzuak egin euskara ahoskatzeko edota, behitzat, niri kasu egiteko, alferrikako lana izan zen. Gaur egungo gazteok ez dugu euskara hitz egiteko beharra, ez nahia, sentitzen. Denok euskaraz ikasi eta hezi garen eremu batean euskara ez den beste hizkuntza bat entzutea zeinen frustragarria zen ohartu nintzen. Hainbat sentsazio etorri zitzaizkidan momentu horretan; lotsa, tristura, amorrua…zapalduta sentitu nintzen. Egoera ikusita, beste metodo bat bilatu nuen eta ezagunengana banan-banan jotzea erabaki nuen. Aldaketa handi bat nabaritu nuen orduan, erantzuna beti euskaraz izan baitzen eta ez baikenuen horrela mantentzeko arazo handirik izan. Beraz, arazoa ez zen euskara bera, arazoa hizkuntza ez zen ‘hori’ zen.

Azkenengo egunetan, euskara maizago entzun dudala esan behar dut, nahiz eta oraindik ere gehiago espero nuen.”11 egun euskaraz” proiektu honek konpromiso maila handia zekarrela ohartu naiz eta, amorrua ematen badu ere, zaila da euskaraz aritzea zapalduta sentitu gabe. Beraz, goazen denok euskaraz mintzatzera eta gure hizkuntza bultzatzera; bakoitzaren txikitasunetik gure herriko hizkuntza komun bakarra egunerokoa egiteko ahalmen erraldoia baitugu!

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*