Lekukotasunak V (Danel Lauzirika)

Danel Lauzirika Erkiaga naiz. Gernika-Lumo eta Lekeitio artean eman dut bizitzako parterik handiena, eta azken sei urteotan Deustu dut bizileku. Berezkoa zait euskara, natural-naturala, inongo ahaleginik egin gabe familiak eta lagunarteak nire ezpainetan jarritakoa. Horrek, baina, ez du esan nahi ahaleginik egin behar ez dugunik, tresna onena ere herdoildu egiten da erabili ezean.

Zergatik parte hartu 11 Egun Euskaraz egitasmoan? Ezker-eskuin, atzera-aurrera begiratzeari uzteko, belarria inkontzienteki zorroztu gabe ibili behar  izateko, zerbait exotikoa balitz bezala kalean entzundako euskalkien traza asmatzen ibiltzeari uzteko… Hamaika arrazoi daude, bakarrean laburbil daitezkeenak: normalizazio beharra.

Herri txiki euskaldunetako gehienontzat Bilbo erdalduna izan da beti, ez dugu inoiz euskararekin identifikatu. Txikitako gure iruditerian Arenaleko zubia egon daiteke, Gran vía, San Mames, baina euskara ez. Nerabezaroan txokokeriaz jarduten genuen, euskaraz aritzen ginen Zazpikaleetan edota Abandon inork ulertuko ez gintuelakoan, euskara kapitalean inork ez ulertzeko kode sekretu baliagarria zelakoan. Gerora, Bilbon lanean hasi eta harritu egiten ginen norbait euskara hutsean entzundakoan; poztu ere bai, nola ez, baina batez ere harritu.

Harridura hori normaltasun bilakatzea da gakoa, eta Deustuk badu zeresana, horretan ibilian dabilelako. Horregatik naiz Ahobizi, bestebarik. Eta hainbeste, aldiberean.

Argazki masiboak antolatzeko mini-gida (Jon Intxaurraga)

Kanpaina masibo guztiek argazki erraldoi bat dakarte. Erakutsi nahi dute lantaldekook ez gaudela zoratuta, partaideek ‘ez zaudete bakarrik neska-mutilok’ esango baligute bezala. Asteazkeneko argazkia egin aurretik, behin bakarrik antolatu nuen argazki erraldoi bat, Berbaizuren urteurrenean, eta argazkia borratu zen. Barkamen email bat idatzi behar izan genuen. Zorionez, asteazkeneko argazkia ondo atera zen eta ikasitakoak ez ahazteko bost puntutan zerrendatu ditut:

  1. Deialdia egin: Emailez, whatsappez, ahoz aho, zeinuz, Facebookez, ke- mezuez etab… Edozein euskarri ona da jendea bonbardatzeko. Komeni da info guztia laburbiltzen duen kartela egitea, ahal dela, polita izango dena. Lotsatia bazara, arnasa sakon hartu, astun izango zarela barneratu, eta matraka eman.
  2. Argazkilaria kontratatu: Edonork argazkia egin dezakela dirudi, baina gezurra da. Argazkia ondo ateratzea nahi baduzu, argazkilari bat kontratatu, deitu, ‘engainatu’ edo dena-delakoa. Jakin behar da tropela antolatzen, argiekin jolasten eta, batez ere, photoshoppa erabiltzen.
  3. Attrezoa: Foku bat beharko du argazkilariak? Eskailera bat? Pankarta egingo dugu? Hauek lehenbailehen lotu beharko dituzu azken orduko txapuzak ekiditeko. Inprobisaziorako gaitasuna eta imajinazioa ondo etorriko zaizkizu.
  4. Urduritasuna kudeatzea: Jendea etorriko da? Ez? Zenbat jende hurreratuko da? Berandu etorriko ote da? Itxarongo ote du argazkilariak? Laaaaaasai egon, inork ez du argazki erraldoi bat antolatzen ez badu jendea lehenagotik lotu (lehen puntura itzuli) eta jende gutxi hurreratzen bada ere, egon lasai, argazkilariari deitu diozu errealitatea ‘ederragotu’ dezan.
  5.  Argazkia ateratzea: Selfiekin baino, ezkontza argazkiekin zerikusi handiagoa daukate argazki masiboek. Lasai egon, irribarre egin, jendea mugiarazi; ‘txikiak han, handiak hor, umeak hemen’, argazkilariaren argibidei kasu egin eta 20 minutuz (!!!) zauden lekuan isilik eta zirkinik egin barik egon behar duzu. Inork ez dizu kasu handirik egingo, berbetan egongo gara, baina, sorpresa!, argazkia ondo aterako da. Argazkilariari esker izan da, horretarako, hain zuzen, deitu diozu (itzuli bigarren puntura).

11 EGUN EUSKARAZ: argazki erraldoia

  • Eskerrak eman: 11 EGUN EUSKARAZeko lantaldearen izenean eskerrik asko argazkira hurreratu zinetenoi, hura antolatzen eta pankarta egiten lagunduko zenigutenoi, laguntzaile taldekoei, Santa Zezilia egunean txistua ekarri zenutenoi eta, nola ez, euskaraz (ere) bizitzera animatzen ari zaretenoi! Biba zuek!BAIETZ DEUSTUALDEAN 11 EGUN EUSKARAZ!!!