Lekukotasunak IX (Nerea Olaziregi)

Badira egunak eta egunak

Badira txapa jarrita super euskaldun sentitu naizen egunak. Alabaren saski baloiko whatsapp taldean adibidez, mezu garrantzitsu bat soilik euskaraz bota nuenean familia batzuk euskaldun ez direla jakinda. Betiko fruta dendan euskaraz egin nuenean, dendariaren hasierako harridura aurpegiaren aurrean naturaltasunez jokatzen saiatuz. Ikastolako guraso talde batekin taberna batean sartu eta erronda luzea euskara hutsez eskatu nuenean, inguruko baten bat lotsarazten zela konturatu naizen arren. Edota lagun batekin, ahalegin handia eginez, euskara hutsez aritu nintzenean. Baita auzoko batzuekin, baten bat deseroso zegoela ikusita ere. Egun horietan harro itzuli naiz etxera, ahaldunduta bezala, jaso dudana ez da beti atsegina izan baina ondo kudeatu dut eta hainbatetan buelta eman diot egoerari. “Tú pídeme en euskara si quieres pero yo no sé, ni tengo porqué saber, mi familia es de Castilla” erantzun zidatenean bezala. Eta ni irrifartsu, “Ze polita Castilla! Astiroago eskatuko dizut, baietz ulertu”. Eta ulertu zuen. Hori baino gehiago, eskerrik asko esandakoan “ez horregatik!” erantzun zidan.

Baina izan dira ahul eta indarge sentitu naizen egunak ere. Aitortzen dut. Deseroso sentitu naiz, batzuetan lotsatuta eta askotan, nekatuta. Harategia topera zegoenean eta oharkabean pasatu nahi nuenez, gazteleraz eskatu nuenean edo kotxea aparkalekutik ezin atera, bigarren lerroan zegoen furgonetako gidariaren bila tabernara sartu nintzenean edota  patioan guraso talde batekin hitz egiten egon nintzenean. Egun horietan bereziki garrantzitsua izan da plazako argazki handia gogoan izatea, ahobizi eta belarriprest asko garela jakitea eta norbanakotik hasita iraultza egiten ari garela sentitzea.

Egilea: 11eguneuskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunak euskaraz biziko gara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*